1276 §1 artikuluaren arabera, “lekuko Ordinarioari dagokio bere mende dagozan pertsona juridiko publikoenak diran ondasun guztiek administrazinoa arduraz jagotea”. Bizkaiaren kasuan, erantzukizun hau Gotzainari dagokio edo bere bikario nagusiei edo gotzain bikarioei.
Kontuak emotea, ordinarioei kargu itzitako jagoletza horren baitan dagoan egitekoa da (informazino barik ezinezkoa da kontrola). Baita kontuak emote hori burutzeko erari buruzko jarraibideak aditzera emotea eta ondasunen administrazinoaren beste hainbat alderdi aditzera emotea be. Azken ahalmen hau beren-beregi jasota dago 1276. kapitulu beraren §2an (“Eskubideak, bidezko ohiturak eta inguruabarrak kontuan hartuta, arduratu daitezala Ordinarioak eleiz ondasunen administrazinoari buruzko guztia antolatzeaz, zuzenbide unibertsal eta partikularraren barruan jarraibide bereziak emonez”).
Kontuak emoteko Bulegoaren jarduketa, pertsona publikoen kasurako, Babesletzak herri fundazinoetarako dauan egitekoaren bardina izango da, indarrean dagoan araudiaren arabera.
Erakunde erlijiosoen eremuan, arau honeen helburua, babeserako eta kontuak emoteko jardunbidea ezartzea da. Jardunbide hori, legeria kanonikoagaz bat, herri eremuko gainerako erakundeetako berme eta gardentasun mailaren antzekoaz garatuko da.